ZATOZ! LANBIDE HEZIKETA ETA ENPLEGU AZOKA: Urola Kosta eta Urola Erdia eskualdeko eskaintza ezagutzeko hitzordua, martxoaren 6an

Datorren asteazkenean, martxoak 6, Zarauzko Munoa plaza Lanbide Heziketaren eta Enpleguaren agertoki bilakatuko da, ZATOZ! Lanbide Heziketa eta Enplegu Azokaren lehen edizioa jasoz.

  • Goizeko 10:00etatik 18:30era bitartean Munoan (Zarautz) kokatuko da azoka eta Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketen zein Garapen Agentzien eskaintza ezagutzeko 9 stand eta esperientzia errealak ezagutzeko hiru solasaldi jasoko ditu.
  • Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketa eskolen zein Garapen Agentzien eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko elkarlanaren emaitza da eta helburu du aipatutako bi eskualdeetako Lanbide Heziketa, enplegurako prestakuntza eta enplegu eragileen eskaintza ezagutaraztea.

Azoka hau Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, Garapen Agentziek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatu dute, elkarlanean, talentuaren sorrera, erakartzea eta mantentzea sustatzeko. Zarauzko Udalaren babesa ere jaso du azokak eta ekimena aurrera eramateko beharrezko azpiegiturak Udalak lagatakoak dira.

Hori horrela, goizeko 10:00etatik 18:30era bitartean, bi eskualdeetako Lanbide Heziketen zein Garapen Agentzien eskaintza ezagutzeko aukera egongo da. Horretarako 9 stand desberdin egongo dira eta horietan, Lanbide Heziketako eskaintzarekin batera, ikastetxeen enplegurako prestakuntza eskaintza eta Garapen Agentzien eta Lanbideren enplegurako baliabideak ezagutzeko aukera eskainiko zaie bertaratzen direnei.

Azoka herritar orori irekia izango da, horrenbestez, langabezian daudenak, lanean ari direnak edota informazio gehiago eskuratu nahi duten pertsonak gertura daitezke, gazte, heldu zein gurasoak.

Gazteen parte-hartzea bermatuta

Urola Erdiko eta Urola Kostako DBH eta Batxilergoko ikasleak goizean zehar gerturatuko dira; horretarako ikastetxeekin koordinazio lanak egin dira txandak eskainiz. Hori horrela, azokatik ia 950 gazte pasatzea aurreikusten da (Antoniano Ikastetxea, Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea, La Salle Ikastetxea, Lizardi BHI, Orioko Herri Ikastola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Salbatore Mitxelena Ikastola, Zaragueta Herri Eskola, Zumaiena Ikastetxea, Zumaia BHI, Urola BHI).

Solasaldiak eta etengabeko prestakuntzarako aholkularitza zerbitzua

Standez eta horietan eskainiko den informazioaz haratago, goizean zehar hiru solasaldi ere antolatu dira eta horietako bakoitzean ikastetxe bateko zuzendariak, ikasle batek eta enpresa bateko ordezkariak hartuko dute parte, euren iritzia azaldu eta Lanbide Heziketako egungo egoera eta joerak ezagutzera emateko.

Era berean, azokan bertan etengabeko prestakuntzarako aholkularitza jaso ahal izango da. Horretarako, baina, ezinbestekoa da egun horretarako aurretiazko hitzordua eskatzea, 645 284 300 telefonora deituz (Urola Kostako Ikaskuntza Bitartekaritza).

Azokako parte-hartzaileak

  • Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia
  • Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentzia
  • Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzua
  • Monte Albertia LHII
  • Oteitza Lizeo Politeknikoa
  • Zumaia BHI
  • Oinarrizko Lanbide Heziketa: soldadura
  • Izarraitz Lanbide Heziketa
  • Aiala Sukaldaritza ikastetxea

Amaitzeko, aurtengo azoka Zarautzen egingo den arren, asmoa da datozen urteetan ekimenari jarraipena ematea eta azoka eskualdetik eskualdera txandatuz egitea. Beraz, datorren urtean Urola Erdian egitea aurreikusten da.

Zalantzak dituzu? Ezagutu nahi gaituzu? Kontaktatu
0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *