Ongizatea eta termalismo goi mailako zixlo berria martxan da!

Ongizate eta Termalismoko goi mailako teknikari tituluak ireki ditu bere ateak Monte Albertian, eta hasiak gara bide berria urratzen. Hasiera guztiek duten urduritasun eta kezkekin bada ere, motibazio handiarekin ari gara elkarlanean irakasle eta ikasle taldea.

Ongizatea da gure ortzi muga eta lurzorua termalismoa. Hori dela eta, salto egin dugu uretara eta murgil egin gorputz eta buru! Gustu, mimo eta ilusio bereziarekin ari gara saioak, lan erronkak nahiz ikas egoera baliagarriak diseinatzen eta aurrera eramaten: ingelesa, egokitzapen fisikoa uretan, masaje estetikoa edota mendekotasun egoeran dauden pertsonen behar eta premiak ezagutzen.

Gorputz hezkuntzako saioei esker erdi lo zeuden gorputz atalak esnatzen ari dira, eta pixkanaka gorputza, eta berarekin batera doan burua, indartzen eta trebatzen.

Hasi besterik ez da egin, baina bidaia aberatsa eta emankorra izango dela sentitzen dugu!

 

Zalantzarik al duzu? Ezagutu nahi gaituzu? Jarri gurekin harremanetan

Sendabelarren eta kosmetika naturalen tailerra

Urteroko bisita egin digu sendabelar eta kosmetika naturaletan aditua den Sara Letamendiak Monte Albertiara. Estetikako ikasleak oso gustura aritu dira sendabelar ezberdinak identifikatzen eta hauekin kosmetikoak sortzen. Goiza biribiltzeko, beraiek sortutako kosmetikoak probatzen ere aritu dira. Oso jardunaldi interesgarria izan da. Eskerrik asko, Sara!                                                                                              

Zalantzak dituzu? Ezagutu nahi gaituzu? Kontaktatu

Añarbeko urak

Ile-apainketa eta kosmetika erdi-mailako lanbide heziketa-zikloko lehen mailako ikasleak Añarbeko presa ezagutzera joan dira Monte Albertiatik. Añarbeko presak edateko ura hornitzen du Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, Usurbil, Lezo eta Astigarragako udalerrietan. Ura da ziurrenik bizitzarako gairik garrantzitsuena, eta ezinbestekoa da baliabide honen kudeaketa ezagutzea gizartean duen garrantziaz jabetzeko.

Bisita honetan presaren garrantzia erakutsi digute, uholdeetatik babesteko eta energia elektriko berriztagarria ekoizteko elementu garrantzitsua baita.

Horrez gain, helburuak izan dira uraren erabilera arduratsua egiteko sentsibilizazio-kontzientzia sustatzea, uraren zikloak ezagutaraztea, bai naturalak, zein hirikoak, eguneroko bizitzarako baliabide moduan ura modu jasangarrian erabiltzeko baliabideak eskaintzea…

Bisita hau oso aberasgarria izan da urak gure lanbidean duen garrantziaz eta haren kudeaketaz hausnartzeko.

Datorren ikasturtean errepikatuko dugu!

 

Zalantzak dituzu? Ezagutu nahi gaituzu? Kontaktatu