60. Urteurrena ospatzen dugu

Monte Albertia Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak, duela 60 urte ireki zituen ateak lehen aldiz. Zentroaren ibilbidea, ile-apainketako lehen promozioarekin hasi zen 1962. urtean. Espainiako hainbat probintziatatik etorritako neska aitzindarien talde hari esker, Irudi Pertsonalaren sektorean, erreferente izaten jarraitzen dugun Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bakarra gara Gipuzkoan.

Hamarkada hauetan zehar, ikastetxea hazten joan da eta Irudi Pertsonalaren familiako hainbat heziketa-zikloz osatzen da. Gaur egun, 8 heziketa-ziklo eskaintzen ditugu eta gure helburua (Plan Estrategikoan islatzen den bezala), lanbide-arlo horretako heziketa-ziklo guztiak ematea izango da.

Ile-apainketa eta Estetikako zikloez gain (erdi-mailakoak eta goi-mailakoak), joan den ikasturtean Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako zikloa ezarri genuen eta datorren ikasturterako Termalismo eta Ongizateko goi-mailako zikloa eskatu dugu; 24/25 ikasturterako  Karakterizazio zikloa geratzen zaigularik txertatzeko.

Urtero, 300 ikasle inguruk hartzen du parte prestakuntzan, bai hasierako prestakuntzan eta baita sektoreko langabeei eta profesionalei ematen dizkiegun enplegurako prestakuntzan ere. Gure ikasleen gehiengoa Gipuzkoarra den arren, inguruko probintzietatik datozenak ere baditugu, hala nola, Bizkaiatik edota Nafarroatik.

‌Gure egunerokotasunean sektoreko enpresa askorekin gabiltza elkarlanean, sustatzen dugun prestakuntza gizartearen errealitatera hurbilduz eta gure ikasleen artean jarrera ekintzailea eta gizartearekiko konpromisoa bermatuz.

Gaur egun, 45 irakaslek eta administrari zerbitzuetako 4 langilek osatzen dugu Monte Albertiako lantaldea. Irakasteaz eta gure ikasleei zerbitzuak emateaz gain, proiektu berritzaile metodologiko eta sozialetan murgilduta gaude, betiere, enpresen eta gure gizartearen egungo beharrizanei begira.

Beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditugu, hala nola,  Urratsbat programa (enpresa bat sortzeko aholkularitza pertsonalizatua), Orientazio Pedagogikoa eta Profesionala, Erasmus+ (beken bidezko Nazioarteko Mugikortasuna)… eta beste hainbat jarduera, beti, gure ikasleei profesionalki eta pertsonalki garatzen laguntzeko.

‌60 urte hauetako ibilbidea ospatzeko, ekitaldi ofizial bat burutu da. Bertan, Zarauzko Alkatea eta Hezkuntza eta Estrategia zinegotziak izan dira, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordezkari gisa, Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaria eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Antolamendu eta Plangintza zuzendaria.

 

 

 

 

Zalantzarik al duzu? Ezagutu nahi gaituzu? Jarri gurekin harremanetan
0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *